2009/06/16

TXAPELKETA BUKATUTA ETA SARIEN ZAIN.



Bariku honetatik aurrera blogak geldi daude eta gure txapelketaren epaimahaikoak lan guztiak bukatu duten blogarien lana baloratzen ari dira. Sei blogariek soilik bete dituzte egin beharreko lan guztiak eta hauen blogak izango dira, hain zuzen ere, baloratuko direnak: AITORALTZUSTE, DARGOIBERDEA, ITSASZEANI, KOLDOZEANI,SACEL11 eta LARRUSKAIN09.


Blog txapelketaren arduradunok sari bakarra eman beharrean hiru sari banatzea erabaki dugu. Garaileak nortzuk izango diren erabakitzeko gure epaimahaikoek emandako notak batu eta bataz bestekoa aterako dugu. Alde batetik IES BOTIKAZAR institutuko irakasleek blogen garapen digitala baloratuko dute, eta beste alde batetik ANDRA MARI MAGISTERITZA ESKOLAKO Euskara Saileko irakasleek gure blogarien hizkuntza maila baloratuko dute. Bi nota hauek batu eta batez bestekoa atera ondoren gure hiru irabazleen izenak aterako ditugu eta eskolako azken eguneko jaialdian (Ekainak 23an) sarien banaketa izango da. Beste alde batetik txapelketan parte hartu duten guztiok (lan minimo bat bete dutelarik) oparia ere izango dute.

Sarien inguruan desadostasunak egon dira gure laguntzaileen artean; txapelketari "materialista kutxu bat"ematen zaiolako esanez. Honen inguruan ideia batzuk eman nahi ditugu:
  • Txapelketaren helburu orokorra ez da saria lortzea baizik eta ikastea, eta dudarik gabe helburu hau beteta dago; guztiok ikasi dugu, bai ikasleek baita ere egitasmo honetan ibili garen irakasleek ere.
  • Txapelketa borondatezkoa izan arren partaidetza handia izan du eta guretzat aipagarriena blogarien arteko lankidetza izan da: patio orduetan eta bazkaldu osteko orduetan gure ikt gela berria beteta egon da eta askotan blogariek euren blogean aritu beharrean beste batzuei laguntzen ibili dira. Hau dela eta 5. eta 6. mailako ikasleei gure zorionak eta eskerrak luzatu nahi dizkiegu.
  • Bide luze honetan sariak egotea pastelari ginda jartzea bezala izango litzateke eta sariak baliabide digitalak izatea txapelketaren helburuekin bat egitea dela uste dugu.

Bukatzeko eskerrak eman nahi dizkiegu Zeanuriko Udaletxeari, Guraso Elkarteari eta Maquinaria Aurtenetxe sarietarako eman duten laguntzagatik.


Datorren ikasturtean ere horrelako ekintzaren bat abian jartzeko gogoarekin txapelketa bukatutzat ematen dugu.